Ubuntun (eta beste Linux banaketetan) bideoa editatzea

Ubuntun bideoa editatzen saiatu naiz bai etxean eta bai eskolan. Batzuetan arrakasta izan dudan arren askotan ez dut lortu nahi nuen emaitza edo gehienetan ez dut lortu programa nahiko establerik lan egiteko. 
Egia da Linuxen urtetan zehar, zenbait bideo editore egon direla: Cinelerra, Openshot, Kino, KDEenlive... baina guztiek gauza batengatik edo bestearengatik arazoak sortu dizkidate edo ez dut lortu nahi nuen emaitza.
Azken aldian gehienbat Openshot erabili dut baina ikasleekin azkeneko esperientziak nahiko txarrak izan dira: informazio galera, programa ixtea... 
Hori ikusita beste bi alternatiba proposatzen ditut: bata xumeagoa eta software askea eta bestea askoz ahaltsuagoa eta software pribatiboa (baina dohakoa dena). Egia da orain arte froga gutxi batzuk baino ez ditudala egin baina nahiko positiboak izan dira.

Alde batetik bideo editatzeko tresna profesionala: Lightworks. Pelikula famatuak editatzeko erabili izan den softwarea da eta bere 12 bertsiotik aurrera Linuxerako eskuragarri dugu (hori bai ez da software askea momentuz; baina badirudi iturri kodea askatzear daudela). Erabiltzen ikastea ez da berehalako gauza baina Interneten tutorial ugari topatu ditzakegu.
Instalatzeko bere web orrialde ofizialetik dagokigun paketea jeitsi (gure kasuan .deb) eta programa irekitzean erregistratu beharko dugu (prozesua oso erreza da).
Aukera mordoa eta eta oso profesionala lehen esan moduan. Agian ikasleekin erabiltzeko ez da aproposena DBHko lehen mailetan, baina proiektu serio bat egiteko aukera izan daiteke DBH bukaeran eta batez ere Batxilergoan.


Beste alde batetik Flowblade daukagu. Nahiz eta nahiko programa berria izan (2013) nahiko garapen aktiboa du eta gaur egun 1.2 bertsioa daukagu (badirudi laster 1.4 ere gure artean izango dela).
Beste editore batzuekin alderatuta dauzkan aukerak antzekoak dira (esango nuke aukera interesgarri batzuk ere gehitu dizkiotela). Ez dut faltan bota gauza handirik bideo sinpleak (eta nahi izanez gero pixka bat konplikatuagoak ere) egiteko. Ikasteko oso erreza da pantaila nagusian ez daukalako aukera askorik, baina nahikoak normalean egiten dugunerako.
Gehien gustatu zaidan ala ere bere egonkortasuna izan da. Nahiko "kaña" sartu diot froga batzuk egiten eta nahiz eta batzuetan moteltzen zen (nire ordenagailua ere ez da beste munduko ezer) ez zait behin ere blokeatu. Uste  dut ikasleekin erabiltzeko programa egokia izan daitekeela.
Instalazioa erreza da Ubuntun. Software zentrotik instalatzen da.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Moodle eta errubrikak

Arduino eta erreleak

Inkscape bideotutorialak euskaraz